
2008-02-13 | 18:17:09
Ingurumena
Marierrotako dike zaharra konponduko dute ekainean
Lehendabizi, dikea konpontzeko beharrak hasiko dituzte, eta gero, Lea-Artibai Amankomunazgoak errota atonduko du.
Ingurumen Saileko Kosten zuzendaritzak ekainean hasiko ditu Mendexako mareen errota zaharraren ingurua berreskuratzeko beharrak.
Ingurumen Saileko Kosten zuzendaritzak ekainean hasiko ditu Mendexako mareen errota zaharraren ingurua berreskuratzeko beharrak.
Dikea berritzeko beharretarako milioi erdi euro inguru beharko dira, eta Espainiako Gobernuak ordainduko ditu. Bestalde, Lea-Artibai Amankomunazgoa arduratuko da Marierrota berritzeaz. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako diru laguntzak ditu; guztira, 300.000 euro inguru.
Bi pausotako beharra
Marierrota eta inguruak atontzeko beharrak hilabete luzeetako kontua izango direla azaldu dute Amankomunazgotik. Izan ere, zatika egin beharko dituzte beharrok: lehendabizi, dikea egin beharko dute, eta hori egin ostean, Marierrota berritzeko beharrak hasiko dituzte. Lea-Artibai Amankomunazgoak eskualdeko baloreak eta xarma turistikoak gehitzeko denbora luzean martxan jarri nahi izan duen proiektua da ekainean abian jarriko dutena. Baita konplexuenetakoa ere.Bost administrazio hartzen ditu.
Ondarea mantentzen
Egitasmoagaz espazio naturala berreskuratu eta mantendu nahi dute, eta beste alde batetik, ondare kulturala zaintzea eta mantentzea. Izan ere, Mendexako Marierrota XV. mendekoa da.
Behin dikeko beharrak amaitutakoan, Lea-Artibai Amankomunazgoak natura eta ingurumenaren interpretazio zentro bihurtuko du errota.
Munitibartik, Mendexara
Ekimenak hasiera-hasieratik eduki du Lekeitioko Udalaren babesa, Marierrota herritik gertu dagoelako eta turismo aldetik Lekeitiori ere mesede egin ahal dion proiektua delako.
Lea ibaia Munitibarren jaiotzen da, eta Gizaburuaga, Aulesti eta Amorotoko lurrak zeharkatu ostean, hau da, 25 kilometroko ibilbidea egin ostean, Lekeitio eta Mendexa arteko itsasoan hiltzen da. Ibai arrunta da, baina ibaiertzean balore handiko eraikuntzak daude, horien artean, Mendexako Marierrota.
Ez da ahaztu behar, Marierrotak errotagaz batera, hezegunea ere baduela. Mendeetan eraldaketa jasan du padurak, eta txikia izan arren, euskal paduren ezaugarri diren hainbat landare eta animalia daude bertan. Landareen artean Aster tripolium, Juncus Maritimus edo Elymus pycnathus daude, eta baita laugarren bat ere, eta oraindik bitxiagoa dena: Salicornia obscura. Euskal Autonomi Erkidegoa kontuan edukita, Mendexa eta Txingudin bakarrik dago landare mota hori.
Ekosistema berezia
Animaliei dagokionez, galtzeko arriskuan dagoen Mustela nutreola edo bisoi europearra aurki daiteke. Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan sartuta dagoena.
Bestetik, azkonarra, uherroia, urretxindorra, lertxuna eta beste makinatxo bat animalia ere Marierrotako hezeguneko biztanle dira.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.