Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Mendexa
2008ko irailak 5, Barikua

;2008-06-21;Arau subsidiarioen aldaketa bertan behera uztea eskatu dute. Gizartea Zelaia auzoko proiektuak herriaren etorkizuna erabakiko duela diote herritarrek, eta euren parte-hartzea eskatu dute herri ekimenean: 140 sinadura dituzte.

Arau subsidiarioen aldaketa bertan behera uztea eskatu dute

Gizartea Zelaia auzoko proiektuak herriaren etorkizuna erabakiko duela diote herritarrek, eta euren parte-hartzea eskatu dute herri ekimenean: 140 sinadura dituzte.

edurne burgaña

Mendexako Zelaia auzoan 98 etxebizitza egiteko proiektua dauka esku artean Udal Gestorak. Horretarako, arau subsidiarioen aldaketa puntuala egin behar dute. Horren aurrean, herritar talde batek alegazioak egin ditu. 140 sinadura batu dituen herri ekimenak eskaera bi egiten ditu: alegazioak kontuan hartzea eta gaia eztabaidatzeko udalbatza egitea.

«Herriaren etorkizunaz kezkatuta gaude. Arau subsidiarioek eragin ikaragarria dute herrien egituran, izaeran eta arlo guztietan. Horregatik erabaki dugu, herri ekimen bidez, proposamenak egitea», azaldu dute.

Arau subsidiarioak egin aurretik, herritarren kezka nagusia herria bizirik edukitzea zela azaldu dute. «Herrian etxerik edukitzeko aukerarik ez zegoenez, jendeak alde egiten zuen. Arauok onartu ostean eraikiko ziren etxebizitzak lehenengo bizitokia izatea zen ardura; bigarren etxebizitzak betez gero, herri modura bizirik jarraitzeko aukerak ito egingo lirateke».

Hasiera batean, Udalak onartu duen arau subsidiarioen aldaketa puntualak eraikuntzen gehikuntza handia dakarrela azpimarratu dute: «Inondik inora justifikatzen ez den gehikuntza».

Zazpi alegazio

Herri batek bizirik irauteko gutxieneko batzuk bete behar direla ere nabarmendu dute mendexarrek: «Lehenengo etxebizitza bultzatzea; herri izaeraren alde egitea, astialdirako gune pribatuak bultzatu beharrean gune kolektiboak sortuta, herritarrei batzeko lekuak edota ekipamendu egokia eskainita bizimodua herrian bertan egiteko; herritarren bizi kalitatea zaindu eta hobetzea; eta herriaren itxurari erreparatzea, herriaren erdigunea izango dena indartuta eta etxeen tipologia zainduta».

Horri lotuta, zazpi alegazio sartu dituzte: «Hasteko, egiturazko antolamenduaren plangintza egiten, aldatzen edo berrikusten hasteko, udal erabakiarekin batera herritarrek parte hartzeko programa finkatu behar dela dio legeak. Horretarako, hainbat bide daude: jendaurreko bilkurak, Udal barruko herri kontsulta eta zabalkunderako materiala, besteak beste. Herri bateko arau subsidiarioak egin edota aldatzeko, herritarren parte-hartzea bideratu behar da. Oraingoan, bideratzeko modu bakarra alegazioak egitea da. Baldintza ez da bete, herritarren partehartzea beharrezkoa da, eta horregatik tramitea gelditzeko eskatzen dugu».

Bigarren alegazioari dagokionez, Udal Gestorak 98 etxebizitza egin nahi ditu: 31 etxe bakarrak, 37 elkarri lotutakoak eta 30 etxebizitza babestuak. «Herriak inoiz eduki duen hazkunderik handiena eta desorekatuena izango litzateke», esan dute mendexarrek.

Izan ere, herrian 263 etxe daude, eta 98 egitea planteatzen dute. Zelaia auzoan, proiektua egin nahi duten gunean, 64 etxebizitza daude. Azken bost urtean, herri osoan 26 etxebizitza eraiki dituzte; Zelaia auzoan, hamazortzi. «Azken bost urtean %10 igo da etxebizitza kopurua, eta orain, bat-batean, %37ko igoera ekarriko luke».

Zelaia sektorea urbanizatzeko arau subsidiarioen aldaketa puntuala beharrean, arauen berrikuspena planteatzen dute herritarrek.

Etxebizitza tasatuak, egiteke

Etxebizitza kopuruagaz lotuta doa hirugarren alegazioa. «60 beharrean, 98 eraiki nahi dituzte orain. Eta horretarako ematen duten arrazoia etxebizitza tasatuak eraikiko direla da. Baina kontuan eduki behar da aurreko plangintzan ere babes ofizialeko zortzi etxebizitza eraikitzekoak zirela, eta oraindik zain gaudela. Gure ustez, 60 etxebizitza horien barruan sar daitezke babestuak. Baina horretarako, Udalak negoziatu beharko du. Bere eginbeharra da herria eta herritarrak babestea: berak negoziatu beharko du etxebizitza horiekin ekipamenduetarako lokalak lortzea ere», eskatu dute.

Laugarren alegazioan, legeari kolpe diote mendexarrek. Hirigintza plan baten ezarritako antolamenduaren berrikuspen edo aldaketa guztiek konpentsazio neurriak eduki behar dituela dio legeak, baldin eta hirigintza eraikigarritasuna handitzen bada. Neurri horien helburu eta arauak honakoak izan behar dira: behar den hiri kalitatea gordetzen dela frogatzea, kalifikazioak ezarritako erabilpen babestuetara ailegatzeko udalerriaren beharrizanak eta ahalbideak kontuan hartzea eta antolamendurako gutxieneko legezko estandarrak modurik onenean beteko direla bermatzea. «Arauen aldaketa onartzeko beharrezkoa da puntu horiek behar modura justifikatzea», esan du herritar taldeak.

Bestalde, legearen arabera, berdegune eta espazio libre publikorako lurzorua gorde behar da hirigintza eraikigarritasuna handitzen duten planetan. «Gainera, aurreragoko faseetan eman diren urbanizazioen ondorioz, BOEko zortzi etxebizitza egon beharko ziren, eta ez daude».

«Baserritar izaera kaltetu»

Halako etxebizitza eta espazioen hazkundea emanez gero, inguruko auzoetan bideen erabilera eta trafikoa hazi egingo dela ere ohartarazi dute herritarrek, «gehienbat Leagi auzoan». Eta Oletatik herriaren erdigunera datorren bidean dagoen trafikoa ere handitu egingo litzatekeela uste dute. «Gainera, maila horretako arazoek auzoen baserritar izaera eta auzokoen bizi kalitatea kaltetzen dituzte».

Azken alegazioak paisaiarekiko eta ingurumenarekiko kalteak batzen ditu: «Mendexa ingurua paisaiak behatzeko kokaleku aproposa izan da betidanik. Gainera, eremu babestuak ditu herriak, talaia eta paisaiak katalogatuta daude. Nahiz eta Zelaia babes eremuetatik kanpo egon, bertako punturik altuenean egin nahi dute proiektua, eta paisaiak behatzeko kokaleku aproposa da hori».

Proposamenak

Alegazio horiekin batera proposamena egiten dute herritarrek: «Arau subsidiarioen aldaketa puntuala bertan behera gelditzea; Zelaia auzoko urbanizazioa zelakoa izango den erabakitzeko herritarren parte-hartzeari bideak zabaltzea; etxebizitzak epeka egitea herriaren hazkuntza modu orekatuan egiteko; herriaren paisaia hainbeste kaltetuko ez duen etxe motak egitea eta etxebizitza kolektiboak sustatzea; eta errepide sareari dagokionez, beharrizanetara egokitua izatea».

Horrelako proiektu «erraldoi» batek herriaren etorkizuna erabakiko duela diote, eta hortaz, herritarren partaidetza beharrezkoa dela esan dute. «Hazkundea orekatua eta herriaren beharrizanen araberakoa izan behar da. Lehen etxebizitza sustatu behar da, eta paisaia errespetatu. Arauen aldaketa puntualak guztia arriskuan ipintzen du, eta hortaz, arauen aldaketa gelditu eta ez onartzea herriaren etorkizunerako onena izango da», izan da azken eskaera.

Agenda

DEIALDIAK


LEA-ARTIBAI, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa - 2008-09-05

ANTZERKIA

Jardunaldiak
MUTRIKU, Anaiarte Biltokian - 2008-09-05

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.